Duela lau urte nire benetako lehen lesioa izan nuen: eskuineko belauneko likido sinobialaren poltsa hautsi nuen kirola egiten ari nintzela. Kasurik egin ez nionez eta kirola egiten jarraitu nuenez belaun berean beste lesio batzuk agertu zitzaizkidan (esginze bat, tendinitisa...). Ia bi urte igaro eta mediku, fisioterapeuta eta espezialista askoren eskuetatik pasa ondoren, belauna sendatu zidan espezialista batekin egin nuen topo. Hortik aurrera kirola egiten hasi nezakeen, baina ez nekien nondik hasi, nik indartu egin nahi nuen, nik burutzen nuen kirolean, akrobaziazko eskian, ongi ibili eta mailaz igotzen joateko.Helburu hau aurrera eramateko Sasoituzekin harremanetan jartzea erabaki genuen, eta horrela hasi zen gure arteko harremana.

2016ko urtarrilean hitzartu ginen eta hortik aurrera nire ohiturak guztiz aldatu ziren; ordura arte egin ez nituen entrenamendu eta probatu ez nituen jaki batzuk proposatu zizkidaten. Gure helburua urte horretako udara zen, Alpeetako eski estazio batera joateko asmoa genuen, eta ordurako indartu egin behar nintzen. 5-6 hilabete horietan nahiko gorabehera izan nituen, batxilergoko lehen urtean nengoen eta zaila ari zitzaidan egiten eta ez nuen beti lortzen Ainhoak eta Krutxek jarritakoa betetzea.

Udara iritsi zen eta Alpeetara joan nintzen, baina gauzak ez ziren nahi bezala atera: eskuineko belauneko ligamentu bat hautsi nuen salto batean.

Urrira arte ez nuen kirola egiteko aukera eduki, eta nahiz eta aurreko hilabeteetan lortu nuen indar guztia galdu, inoiz baino argiago neukan nire helburua: belauna indartu eta eskiatzeko prest egongo nintzen abendurako. Gabonetako oporretan eskiatzera joan ginen lehenengo aldiz, eta belaunak ongi erantzun zidan. Horrela, berriro ere entrenatzen hasi nintzen, eta urtarrila bukaeran tenporadako nire lehen txapelketan aurkeztu nintzen, Andorrako FreeSmokingan. Nahiko urduri nengoen, zeren, nahiz eta aurreko urtean txapelketa batzuetara joan eta lehen postuak lortu, konpetizio honetako maila altuagoa zen. Andorrara joan ginen egun batzuetarako, eta bertan jende berria ezagutu genuen; nire maila ona zela esan zidaten eta Espainiako Freestyleko txapelketara joatera animatu zidaten. Hasieran ez genuen argi, baina Andorrako txapelketan lehen postua irabazi ondoren, ideia berri hori planteatzen hasi nintzen nire gurasoekin batera. Krutxeri deitu genion lehengo postua lortu nuela esan eta gure asmo berriaren berri emateko. Asko motibatu ginen denok, eta helburu berri honen bila joan ginen.

Negua aurrera zihoala, beste aldi batzuetan ere joan ginen Andorrara eskiatzera, probatuak ez nituen saltoak egiten hasi nintzen, normalean baino handiagoak, eta azkenean Espainiako Freestyle Eskiko txapelketara aurkeztea erabaki genuen.

Apirilean Sierra Nevadako eski estaziora joan ginen, Granadara. Txapelketako zirkuitua urrutitik ikusi nuen hasieran, baina ez nuen uste hor zenik gure txapelketa, izan ere, martxoan izan ziren mundialetako oinarriak zeuden oraindik. Gora igo eta bertako saltoak ikusi nituenean (16-18 metroko luzerakoak), galdetu nion nire buruari: Zer egiten dut hemen? Hau gehiegi da niretzat! Ez dut salto hauek egiteko nahiko mailarik! Salto txikiekin hasi nintzen, eta ondoren handietara pasa nintzen. Lehenengo eguneko entrenamenduak ongi joan zitzaizkidan, baita ere hurrengo eguneko finala. Bi run genituen, hau da, zirkuitua bi aldiz egiteko aukera genuen, eta bietatik puntuazio altuena zuena hartuko zen kontuan. Txapelketako lehenengo runa, ordura arte egin nuen hoberena izan zen. Berriro ere zirkuituaren hasierara iristean ezin nuen irribarrea ahotik kendu. Denok lehenengo buelta egin ondoren, epaileek puntuazioak erakutsi zizkiguten, eta ni nindoan lehenengo. Bigarren runak hasi ziren, eta nire txandan, lehenengo saltoan oreka galdu eta erori egin nintzen, beraz bigarrenak ez zuen puntuatu.

Arratsaldean sari banaketara joan ginen nire gurasoak, nire anaia (txapelketan parte hartu zuen berak ere) eta ni. Azkenean, nahiz eta lehenengo bueltak bakarrik balio izan, puntuazio altuena lortu nuen, eta maila absolutuan urrezko domina lortu nuen!

Bizitu dudan esperientzia onenetako baten parte izan dira Krutx eta Ainhoa, bide honetan asko lagundu didate eta eskerrak eman nahi dizkiet eskainitako laguntza guztiagatik. Bestalde nire ingurukoei ere eskerrak eman nahi dizkiet, lagunei eta familiari... beti animatzeagatik, eta batez ere nire guraso eta anaiari, hau posible bihurtzeagatik eta urte guzti hauetan nigan sinesteagatik.



Itzuli aurreko horrira