Urte haserako planifikazioan ez zen inondik inora azaltzen lasterketa honetan parte hartzea, baina, maiatza amaieran izandako erorikotik errekuperatzeko prozesuan eta datorren urteko triatloietarako prestakuntza egokia izan zitekeela irudituta uztaila erdialdera aukera honi buruan bueltak ematen hasi ginen...

Horrela, urtea erdizka ez utzi nahi ez genuelako, udazkenerako Donostian bi proba desberdinetan izena emanda amaitu genuen uztail hura, bizikletako Gran Fondoa urrian eta korrika Maratoia azaroan.

Erronka hauetan gidatzeko eta laguntzeko Krutx eta Ainhoak osatzen duten talde apartari esker, nire lan bidaietara egokitu ahal izan genuen entrenamendu eta dieta azken hilabete hauetan eta horrela San Francisco, Las Vegas, Dallas, Boston eta beste hainbat hiritan saioak egin ondoren iritxi nintzen Donostiako irteerara.

Azken astean irteeran zein erritmotan joan behar nukeen definitu genuen eta zalantza bakarra talderik sortuko ote zen inguru horretan izan zen...

Igande goizean lasterketa orotako errituala bete; gosaria, WC, materiala motxilara, WC, jantzi, WC, … eta etxetik irten nintzen Anoetako Santi tabernako bilera puntura joateko... han hasi zen benetan lasterketa!!!

Lagunak agurtu, kafea hartu, Krutx eta Ainhoarekin taktika berretsi eta berotzera. Beroketa saioan ezagunekin hartu emana jorratu eta 8 bat korrikalariko taldea adostu genuen Kmko 3’40” erritmoan lasterketa hasteko. Beraien artean bi lagun genituen erbi lanak egiteko azaldu zirenak.... primeran dena!!! Beroketako helburua bete nuen, erritmoa, taldea eta erbiak banituen!!!!

Goizeko 9tan irteera eman eta zortzikotea batera ginen lehen kma osatu aurretik eta erbiek ere erritmoa txukun txukun abiatu zuten. Hau ikusirik 30 bat lagun inguratu zitzaizkigun lasterketaren zatirik handiena batera osatzeko asmotan.

Lehen 5 Kmak gorputzaren sentsazioak neurtzeko izan ziren. Erbi lanak egiten ari ziren lagunak ondo ari zirela ikusi eta erlojuaz ahaztu eta bihotz taupadak eta arnasketa ikuskatzen eman nituen minutu hauek.

Dena primeran zioan, 155 bpm gainditu gabe, arnasketa lasai eta hanketako giharrak ere ondo, pausoa luze emateko aukerarekin.

Guzti honek, noski, izugarrizko konfiantza eman zidan.

Gauzak horrela, argi neukan 25-30 km arte jan eta edatea zela nire ardura bakarra. Gel bana 9, 18 eta 27 Kman eta iritxi ginen Mikeli, gure erbiari, lanak eskertzeko unera.

Hortik aurrera norberak gure lana egin beharko genuen.

Hasera batean, erbiek umezurtz utzi zutenean taldea zalantza batzuk izan genituen inork ez bait zuen gehiegi tira nahi besteengandik. Ondorioz, erritmoa pixka bat jaitsi zen. Hau ikusirik 31 Kman, Donostiako erdigunetik Antiguoko auzorantz gindoazenean erritmoa berriz ere areagotu genuen eta taldea apurtu zen.

Nirekin beste lasterkari bat etorri zen, atzetik 5kote bat geratu zen eta ondorengoen arrastoa galdu nuen.

11 Km helmugarako eta indarrak neurtu beharra zegoen.

Tarte hori Kontxako badiako tartea zen eta ikuslez beteta zegoen. Tartean ezagun asko eta denei aurpegi ona jarri behar, irribarre bat egin behar, alde batetik euren animoak indartsuagoak izateko eta bestetik neuk ere oso ondo nindoala nire buruari sinestarazteko.

Ondorengo kmak berdin jarraitu zuten, biok elkarri laguntzen erreleboka eta atzeko taldetxoa 100 bat metrora.

37.Kman atzeko taldetik Jon nire taldekideak aurrera egin eta gu biongana gerturatzea lortu zuen. Une hori baliatu nuen nirekin zihoanaren atzean jarri eta Joni itxaroteko. Gel bat hartu, arnasa berritu eta Jonek gurekin bat egin zuen unean aurrera egin genuen.

Bihotz taupadak ordurako 170tik gora zihoazen eta azken 4 Kmak gogorrak izango zirela nabarmendu nuen.

Jon eta biok elkarren ondoan egin genituen azken kaleak, San Martin, Easo eta ondorengoak Anoetako helmugaraino. Bakarrik geratuak ginen eta biok bagenekien Gipuzkoako txapelketako lehenak ginela horrek sortzen zigun poza eta zirrara izugarriak zirelarik... sofritzen, topera baina gustura!!!!

Azkenean helmugan haserako helburuak baino gehiago beteaz, poza izan zen festalagun.

Gipuzkoako azpitxapeldun, 2:34:50 (3’40”/Km batezbesteko) eta erritmoa hasieratik amaierara mantendu izanaren poza!!!!!

Eskerrik asko Ainhoa eta Krutx, Krutx eta Ainhoa halako goiza bete ahal izatea baliabidetzeagatik!!!!



Volver a la página anterior